GETXO LINGUAE 2004                      

        

  HIZKUNTZA, BESTE ARLOAK IRAKASTEKO TRESNA

 

 

   Hizkuntzen estatusa aldatzeak, didaktika-eremutik egindako ekarpenek eta ikasleak hezten ditugun gizartea bera bestelakoa izateak honakoa eskatzen du:  curriculumak (linguistikoak eta gainontzekoak) eta irakasteko moduak eta beroien xedeak moldatzea.

 

   Horrela, bada, hizkuntza bakoitza zertarako baliatzen den eta, hala suertatzen denetan, hizkuntzen arteko harremana zein den abiapuntu izanik, oso kontuan hartu beharrekoak dira arlo ez-linguistikoetako ulermen- eta adierazpen-trebetasunak, zeren hizkuntza-arloan bertan lantzeaz gain trebetasun horiek eskolako beste arlo guztietan ere landu behar bailirateke.

 

   Gai horixe jorratuko da, hain zuzen ere,  2004ko maiatzaren 19an eta 20an egingo diren Getxo Linguae jardunaldietan, eta, hori guztia behar bezala gauzatzeko, pertsona aditu hauek arituko dira ekitaldi desberdinetan: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Pilar Benejam, Angels Prat, Montserrat Vila eta Neus Sanmartí irakasleak; euskalgintza-arloko Andoni Egaña eta Lore Erriondo (EHU); Madrileko Unibertsitate Autonomoko Jesús Alonso irakaslea; Institutu Frantseseko Annette Maxime irakaslea; Asturiaseko Turismo Eskola Unibertsitarioko Robin Walker irakaslea; Bill Bowler, idazlea eta Bilboko Gorren Elkarteko Brendan Costelo kideak.

 

   Hortaz, izango da gogoetarako eta solaserako beta, eta espero dugu irakasleok aurtengo jardunaldiei ere iazkoei egin zenieten bezalako harrera ona egingo diezuela.