AINHOA IMAZ

HIZKUNTZEN PORTFOLIO EUROPARRA
EL PORTFOLIO EUROPEO DE LAS LENGUAS

E.A.Eko ekarpenak

Hizkuntzen Portfolio Europarra Europako Kontseiluak bultzatutako proiektua da, hizkuntza-irakaskuntza bera hobetu eta hezkuntza ele anitzaren eta kultura-aniztasunaren beharrei erantzuteko. Portfolioaren helbururik nagusiena ikaslearen ikasketa-prozesuan autonomia eta autoebaluaziorako gaitasuna bultzatzea da, eta horiekin batera herritar europarren mugikortasuna erraztu eta hizkuntza-gaitasunak ziurtatu eta aurkezteko euskarri homologatua eskaintzea.

Helburu horiek jorratu asmoz, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren koordinaziopean, eta Estatuko Autonomia Erkidegoekin batera, 2003 urteaz geroztik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lanean dihardu, Hizkuntzen Portfolio Europarra irakaskuntza-sarean esperimentatzeko eta inplementatzeko.

Europako hogeita hamasei herrialdetan ere azken urte hauetan Portfolioa esperimentatzen eta inplementatzen hasiak dira. Esaterako, Irlandan, ikasle etorkinekin lan egiteko erabiltzen dute. Finlandian, berriz, bertako curriculuma lantzeko gomendagarritzat jotzen dute.

Gurean ere proiektu hau sustatzeko, dagoeneko, zenbait urrats ematen hasiak gara. 2003. urtean, jada, Eusko Jaurlaritzak helduei zuzendutako ALTEren Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE) argitaratu zuen lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez). 2004-2005 ikasturtean, berriz, Madrileko Hezkuntza eta Zientza Ministerioak kudeatutako dokumentuak euskaratu ziren, besteak beste, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzako portfolioak eta gida didaktikoak.

Dokumentu hauek euskaratzearekin batera, komenigarria ikusi zen Europako Erreferentzia Marko Bateratua eta Portfolioa bera EAEn zabaltzearen beharra. Gauzak horrela, HABEk Markoa euskaratu zuen eta hezkuntza maila desberdinei zuzendutako saio informatiboak antolatu ziren, batzuk Hizkuntza Eskoletako irakasleei zuzenduak, beste batzuk IRALEko ikastegietako ikasleei zuzenduak. Iazko Gipuzkoako Berriztatze Jardunaldietan ere proiektuaren oinarriak aurkeztu ziren.

Aurtengo ikasturtean, berriz, Portfolioa osatzen duten tresna didaktikoen esperimentazio-aldia planteatu da, eta horretarako Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako sare publikoko eta itunpeko ikastetxe batzuk aukeratu dira. Ikastetxe hauetan Portfolioa inplementatzeko helburuarekin, proiektu honetan parte hartuko duten irakasleei prestakuntza-saioak eskaini zaizkie, eta horrekin batera ikasleekin lan egiteko beharrezkoak diren dokumentuak banatu zaizkie.

Ainhoa Imaz Gaztelurrutia